DIY · egurra · Eskulanak

Egurrezko kutxaren bigarren bizitza

Udara amaitzen ari da eta pixkanaka errutinara itzultzen ari naiz: hasi naiz berriz  lanean, kirola egiten, eta nola ez, blogean idazten. Egia esan, udaran espero nuen baino eskulan gutxiago egin ditut, baina tira, orain aurrera begiratu beharra dago, udara atzean gelditu baita. Eta ikasturteari hasiera emateko, azken aste honetan egiten img_20180831_144150_hdr1ibili naizena erakustea pentsatu dut.

Egurrezko kutxa handi, zahar eta pisutxu hau nuen etxean bueltaka, baina ez nuen bota nahi. Lehen horrelako hainbat kutxekin egongelan apalategi bat egina genuen, baina lagun batek askoz erosoagoa zen beste apalategi bat neurrira egin zigun, eta kutxa gehienak saldu nituen. Azken honekin zer egin jakin ez eta azkenean aste honetan erabaki dut.

Goazen prozesuarekin;

1. Asmoa lan mahai baten gainean jartzeko apalategi txiki bat egitea da, beraz lehendabizi kutxa inguratzeko zerrarekin moztu dut eta sakonera asko kendu diot. Beste proiektu txiki bat egiteko egur xafla bat eta gainontzeko egurra gorde ditut.

2. Sobratu zaizkidan egur zatiak probestuz, geratu zaidan egituraren barruan hainbat apal jarri ditut. Horretarako nahi izan dudan neurrira moztu ditut, eta tirafondoekin ondo finkatu. Pauso honek ez du batere misteriorik, soilik ondo neurtu, eta taladroa zein zerra erabiltzen jakin.

3. Ondoren, eta beti bezala, den dena ondo lixatu dut, nekatu arte. Egur hau nahiko zakarra da, beraz lixadora elektrikoa behin eta berriz pasa diot, leuna eta argia geratu arte.

4. Eta gero, Aguaplast edo masilla eman diot hainbat juntura, zulo eta pitzadura estaltzeko. Ez dizkiot denak estali, batzuk oso handiak edo nabariak zirelako eta bestalde, apalategiak itxura rustikoa gordetzea nahi dudalako. Gero -noski- beste behin ere lixatu dut, masilla arrastoak kentzeko. Zapi heze bat pasa diot, hauts guztia ondo kentzeko.

5. Azkenik, argizari gardena eman diot altzari guztiari, kantitate dexente egurrak ondo xurgatzeko, eta lehortzen utzi ondoren zapi garbi batekin sakon igurtzi dut, disdira pixka bat atera eta egurra babestuta geratu dadin.

Eta horrelaxe gelditu da nire lan mahaiaren gainean:

Eta zer egin dut hasieran gorde dudan beste egur xafla horrekin? Ba foto-transfer teknika erabiliz koadrotxo bat nire komunuean jartzeko. Hona hemen

1.Lehendabizi horia eta berdea nahastuz lortu dudan margoarekin bi geruza eman dizkiot, eta ondoren horia urarekin diluitu eta belaki batekin beste geruza bat eman diot. Lehortzean, ondo lixatu.

 

2. Ondoren foto transfer egiteko kola berezia geruza bana eman dizkiot, egur xaflari eta aldez aurretik aukeratu dudan irudi bati. Irudia aldizkari bateko originala izan daiteke edo fotokopia bat, beti ere laserrarekin egina. Etxeko inpresora txikiarekin egindako kopiek ez dute balio! Eta eskuzabala izan kola kantitatearekin, ondo ondo itsasteko. Nik prozesu guztia bi aldiz errepikatu behar izan dut, lehenengoan kola gutxi bota eta papera kentzen hasi naizenean tinta eta marrazkia ere altxa zaizkidalako. Argazkian ikusten duzuenez, irudia buruz behera jarri behar da transferra egiteko, beraz kontuz letrak dituzten irudiak aukeratzen badituzue, alderantziz geratuko direlako.

3. Egun oso bat lehortzen utzi ondoren, papera urez busti eta pixkanaka joan zelulosa altxatzen, tinta bakarrik geratu dadin. Pauso hau pazientzia handiz egin behar da, zati zuririk ez geratu arte. Maiz amaitu degula pentsatu dezakegu, baina argazkia lehortzean berriz ere zurixka geratzen zaigu. Behin eta berriz errepikatu guztiz garbitu arte.

4. Azkenik, marginatan margo berde pixka bat eman diot, eta lehortu ondoren kapa bat barniz. Komunean eskegitzeko asmoa dudanez, barnizak hobetu babestuko du irudia hezetasunaz argizariak baino.

Eta hona hemen azken emaitza, nire zen komunean primeran geratu dela uste dut.

Ikusten duzuenez, edozein gauza bota baino lehenago, bizi berri bat eman ahal diogun pentsatu behar dugu! Begira kutxa zaharretik atera duguna….

DIY · egurra · Eskulanak

Mesanotxe frikiak

Bai, badakit aurreko postean honetan josten jarraituko nuela aipatu nizuela, baina esku artean dudan soinekoa ez dut oraindik amaitu… eta bai aspaldian buruan nuen proiektutxo bat. Asuntoa da gure logelako mesanotxeak nahiko zaharkitu direla (ez dira zaharrak, baina ez zen erosketa ona izan, eta berehala hondatu dira) eta itxura aldatu nahi niela… eta Star Warseko fan amorratua naizela.

Horrelakoak ziren eta horrela gelditu dira gure mesanotxe “berriak”.

 

 

Hementxe ikus dezakezue benetan txukunketa bat behar zutela.

 

Eta beno, hauxe izan da prozesua, uste baino errazagoa egia esan.

img_20180530_122941_hdrLehendabizi tiradore moduan zituen egurrezko bihotzak bihurkin lau baten laguntzaz kendu dizkiot (nire bikotekideak asko eskertu dit). Marka batzuk gelditu dira baina badakizue, ondo lixatu eta lixto.

img_20180530_123856_hdr1.jpg

Gero tiradore berriak jartzeko zuloak egin dizkiot, eta zuzenean tiradoreak jarri dizkiot, nahiz eta jakin margotzeko berriz ere kendu beharko nituela, baina ezin prozesu osoa egun berberean egin eta mesanotxeak erabiltzen jarraitu behar genuen.

 

Arkatz markek adierazten duten bezala, tiradore berriak jartzeko kajoi bakotzaren erdiko puntua bilatu behar duzue, ondoren zein altuera jarri nahi duzuen aukeratu (nik aurrekoak zeuden altuera berdinean ipini ditut, erditik gora), torlojuentzako zuloak non egin behar dituzuen zehaztasunez markatu eta zulagailuarekin beharrezko zuloak egin. Nik gainetik papera jarri behar diedanez, arkatz markak ikusteko modukoak egin ditut, beldurrik gabe.

Eta hurrengo egunean margoketarekin hasi naiz. Lehendabizi mesanotxeen egitura margotu dut, goiko aldea “Ia beltza” kolorearekin, eta gainontzekoa grixez.

 

Nik ia gauza guztiei bi geruza ematen dizkiet, baita kasu honetan ere, eta bien artean xuabe xuabe lixatzen dut, akabera bikaina emateko. Margotzeko, azken aldian arrabola erabiltzen ari naiz , brotxa edo pintzelekin baino hobeto gelditzen dela ikusi dudalako. Arrabola nahiko txikiak edozein txinotan aurkitu ditzazkezue, hori bai, behin edo birritan erabilita hobe botatzea. Duten prezioarekin ez da garesti ateratzen.

IMG_20180613_160304.jpg

Eta egitura margotu ostean, tiraderekin hasi naiz. Aurretik jarritako tiradoreak kendu eta bakoitzari bi margo zuri geruza eman dizkiot, kanpotik eta barrutik. Eta beti bezela, geruzen artean xuabe lixatu.

 

Lehortzen diren bitartean Internet bidez erositako bi posterrak neurrira moztu ditut. Paper nahiko lodiz eginak daude, beraz dekoupage kola ondo aguantatuko dutela ziur nago.

 

Nik marra zuzenak mozteko kuterra gomendatzen dizuet, goraizeekin baino zuzenago gelditzen dira marrak. Hasieran kuterra ondo erabiltzeko kontu pixka bat eduki behar da, baina trebezia hartzen denean emaitza hobeagoa da.

Eta azkenik, dekoupage kola geruza bat eman tiradera bakoitzaren aurreko aldeari, eta poster zatiak kontu handiz itsatsi ditut. Saiatu burbuilarik gera ez dadin, horretarako zapi suabe batez igurtziz. Lehortzen direnean izkinetan zeozer sobratu bada, kuterrarekin moztu. Gero, tiradoreak berriz ipini, zuloak eginak daudenez, papera torlojuarekin zulatu eta kitto. Tiraderak berrituak!

 

Noski, bakoitzak nahi duen irudia aukeratu dezake! Haurrentzako marrazkiak, futbol taldeen armarriak, loreak, marrazki bizidunak, edo gogoko duen beste edozein. Beste aukera da tiradera paperez ez forratzea eta margotzea soilik.

Lana amaitzeko eta babesteko argizari gardena eman diet bi piezei, eta lehortu denean zapi suabe batekin igurtzi ditut. Oso pozik nago!

 

DIY · Eskulanak

Xehetasun txikiak lantzen

NiBatzutan ez da beharrezkoa eskulan handitan sartzea emaitza politak lortzeko. Gainera, bizi garen mundu azkar honetan, maiz ez dugu denborarik izaten prozedura luzeak eskatzen dituzten lanetan sartzeko. Edo emaitzak “ya” ikusteko gogoa dugu… ze asegarria den atsalde berdinean hasi eta amaitzen dugun eskulantxoa, ezta? Gerta daiteke ere ur handitan sartzeko gogorik ez izatea, edo eskulanen munduan lehen urratsak ematen hasi eta errazak eta arinak diren proiektutxoak nahiago izatea.

Nire kasuan denbora falta da azken astetan gauza txikiak egitera eraman nauena. Beno, egia esan, ideien pilaketak ere zerikusia izan du; hainbese gauza eta asmo ditut buruan bueltaka! Benetan, nire egunek 48 ordu izan beharko lituzkete…

Ba aldaketa edota eskulan txikien kontura, hementxe egin berri ditudan ideia batzuk:

1.Kartoi biribilkiak forratu:

Etxean kartoizko biribilki pare bat ditut. Tituluak, liburuentzako forroa eta antzekoak gordetzeko erabiltzen ditut, eta aste honetan paper politez forratu ditut. Orain txukun txukun ikusten dira nire edukiontzi-paperontzian. Gustatzen?

 

 

Paper berezi horiek etxean nituen, beraz ez dut ezer erosi behar izan. Paperak aukeratu, biribilkiari kola eman, papera itsatsi eta soberakinak moztu, eta alde batetako tapoia kolatu biribilkia ixteko. Ez urduritu papera itsastean apur bat zimurtzen bada, kolak papera bustitzen duenean gertatu ohi da eta berriz ere lehortzean zimurrak desagertzen dira. Eta begira emaitza ikusgarria.

 

 

2. Kristalezko poteen tapak forratu:

Aurrekoan bezala, etxean nituen paper ezberdinak erabili ditut, eta auzoko supermerkatuan erosten dudan mahonesa poteak alaitu ditut. Tea eta bestelako infusioak gordetzeko oso aproposak dira.

IMG_20180327_184232_HDR.jpg

Ikusten duzue ez dela ezer berezirik erabili behar, hori bai, kola ondo banatzeko pintzel laua erabiltzea gomendatzen dizuet, horrela akats asko ekidingo dituzue.

 

 

Tapen neurriko paperak ebaki, goiko aldea kolatu eta itsatsi, lehortzen utzi, soberan dagoen papera moztu, aldeak itsatsi, berriz ere lehortzen utzi (pazientzia pixka bat!), eta azkenik, babesteko gainetik beste kola geruza bat eman. Eta begira ze pote moñoñoak!

IMG_20180330_182000_HDR.jpg

3. Zigarroen metalezko kutxatxoa forratu:

Berriz ere etxean nuen washi tape biribilki bat erabili dut, bai eta hutsik nuen kutxatxoa. Hona hemen itxura aldatzeko eman ditudan pausoak argazkietan.

 

 

 

 

Nik goiko eta beheko aldeak kontu handiz bereiztu ditut, forratzeko prozesua erreztu eta emaitza txukunagoa lortzeko, baina hori erabiltzen duzuen kutxaren baitan egongo da. Bigarren argazkian ikusten denez, bai tapa, bai beheko aldea forratzean erditik hastea gomendatzen dizuet. Zintaren soberakinak kuterrarekin oso ondo mozten dira. Barru aldean ere zinta jarri diot, mutur guztiak tapatu eta finagoa geratzeko. Orain kutxatxoa nire zorroan gauzak ordenatuak mantentzeko erabiltzen dut.

 

 

4. Edozein arropari botoiak aldatu:

Txorakeri bat dirudi, baina botoiak aldatzen soilik, aldaketa handia lortuko dituzue, ikusi egin nuen artilezko lepo honen adibidea.

 

 

Agian aspaldian erabiltzen ez duzuen txamarra edo soinekoa horrelako ukitu batekin berritu dezakezue.

5. Armairuen heldulekuak aldatu:

IMG_20180319_174255.jpg

Nik sukaldeko armairuetan eta logelarako erosi dudan armairu handian egin dut. Sukaldeko heldulekuak hondatu samarrak zeuden eta logelako armairuak zekarzkienak ez zitzaizkidan batere gustatzen. Leroy Merlinen aukera handia eta prezio oso onak topatu nituen. Egia da hain aukera zabalarekin, denbora eman nuela aukeratzeko, baina uste dut merezi izan duela.

Gogoratu bi tirafondoen arteko distantzia neurtu behar duzuela eta neurri berekoak erosi, bestela zulo berriak egin beharko dituzue, eta zaharrak agerian geratuko dira.

 

 

 

 

Logelako armairuko larruzko heldukuak ez ziren batere erosoak, orain ordea oso erraz irekitzen da.

 

 

 

Beno, oraingoan arratsalde batean bukatzeko ideia txikitxo hauek uzten dizkizuet, ea hurrengoan proiektu handiago bat burutzen dugun.

Laister arte!!!

DIY · egurra · Eskulanak

Egurrezko bi gauzatxo

Gabonak eta gero denbora libre pixka bat izan dut eta etxerako bi egurrezko gauzatxo egin ditut, ATRILA -paperak eta liburuak posizio egokian mantentzeko- eta giltzak eta gure txakurtxoaren trasteak txukun mantentzeko TAULA bat. Hona hemen bakoitza nola tuneatu dudan.

Taula

Taula egiteko ardo kutxa baten tapa hau erabili dut.

Eta begira aldaketa.

Hona hemen jarraitu beharreko pausoak:

  • Taula ondo ondo lixatu (niri lixatzeak asko aspertzen nau baina onartzen dut oso garrantzitsua dela emaitza ona lortzeko).
  • La Pajarita markako “urdin kristala” koloreko margoa eman, bi geruza. Geruzen artean ondo lehortzen utzi, ez ni bezain zazpikia izan. Margo hauek berehala lehortzen dira. Noski, edozein kolore erabili dezakezue.
  • Aukeratu irudi bat eta laser fotokopia bat egin (gaur egun dendetako fotokopia guztiak laser izan ohi dira), originala galdu ez baduzu nahi behintzat. Irudia ebaki eta non jarriko duzun erabaki.
  • Pintzelaz irudiari foto transfer likidoaren kapa bat eman eta taulan alderantziz itsatsi, KONTUZ, IRUDIAREN ALDE ONA TAULARANTZ BEGIRA! Kontutan hartu zure irudian letrak baldin badaude, alderantziz geratuko direla.
  • Egun batez lehortzen utzi (bai, egun oso batez!) eta ondoren, uraren laguntzaz eta kontu handiz igurtzi eta zelulosa kendu, horrela;

transfer

  • Berriz ere lehortzen utzi eta gero argizari zuria pintzelaz edo zapi batekin eman. 10 minutuz utzi eta beste zapi batekin igurtzi, argizariak distira har dezan. Argizari zuriak patina zurizka bat emango dio taulari, baina gardena edo iluna ere erabili dezakezue, bakoitzarekin efektu bat lortzen duzue. Argizaria maiz baznizaren ordezko bikaina da, eta oso akabera dotoreak lortzen dira.
  • Zuk aukeratutako gantxoak tirafondo txikiz finkatu, eta prest! 

Hemen dituzue erabilitako material guztiak.

IMG_20180121_215849.jpg

Nik marka honetakoak erabili ditut, bilduma bat egiten ari naizelako eta bertan datozelako, baina nahi duzuen marka erabili dezakezue, hori bai, transfer efektua lortzeko, likido egokia erabili behar da.

Atrila

Itxura zaharkitua zuen atrilak, eta aldatu nahi nuen.

Eta horrelaxe gelditu da.

Hona hemen jarraitu beharreko pausoak:

  • Atrila desmontatu eta ondo ondo lixatu. Kasu honetan eskuz egin beharrean eskulanetarako oso aproposa den lixadora hirukia erabili dut. Ez da margo zaharra guztiz kendu behar, baina ahalik eta lehunen utzi, margo berria txukun gera dadin.
  • Margotu. Nik La Pajarita markako “sunset” eta “Ibizako gatza” koloreak erabili ditut, eta zati batzuk batekin eta besteak bestearekin margotu ditut, baina aukerak infinituak dira. Hori bai, margo akrilikoak eta kalitatezkoak erabili, akaberan asko nabaritzen da.
  • Atrilaren aurreko aldeari deokupage kola geruza bat eman eta jarraian aukeratutako papera kontu handiz itsatsi. Kasu honetan IRUDIAREN ALDE ONA KANPORA BEGIRA IPINI, transferrarekin egin dugunaren aurkakoa alegia. Irudiak azalera guztia okupatu dezake, edo soilik zati bat. Zapi batez lagundu aire burbuilarik gera ez dadin.
  • Ondo lehortzen utzi eta gero, sunset kolore pixka bat urarekin diluitu eta paperaren gainean eman, dena laranja kolorea har dezan baina letrak izkutatu gabe.
  • Azkenik, guztiari barniza matea eman, eta atrila berriz ere montatu.

Hemen dituzue erabilitako material guztiak.

IMG_20180121_231354.jpg

Lantxo hauek ez dira zailak eta ez da denbora asko tardatzen, eta emaitzak ikusgarriak eta erabilgarriak dira. Zure etxean eskuz egindako gauzak maite badituzu, pentsa zer margotu, berritu edo tuneatu dezakezun! Aldaketa txikiak, alde handia.

 

Laster arte!

 

Orokorrak

Etxe bat eraikitzen

Aurreko postean ikusi zenuten bezela, nire etxea denera iritsi nintzenean, txikituta zegoen. Langile talde batek konpondu zuen potoloena, baina nik lan handia egin nuen. Hona adibidez nola dagoen orain nire sukaldea:

Sukaldea

Ez dago gaizki, lehenengo egunean beste argazkian ikusten duzuen moduan zegoela kontutan izanda, ezta?

Sukaldea bezela, egongela, logelak eta komuna ere txukundu behar izan nituen. Hona hemen lehena eta oraina.

KOMUNA

EGONGELA

LOGELA HANDIA

 

LOGELA TXIKIA

Lana itzela izan dela ikusi daiteke, baina merezi izan du, ezta?

Laster arte!

Orokorrak

Abentura baten hasiera

Betidanik izan naiz ipurterrea. Nire ingurua behatu, aldatu eta edertzea maite dut; eskulanak, dekorazioa, antolaketa… lagun askok esaten dute horretarako balio dudala, eskuekin edozer gauza egin ahal dudala, eta maiz laguntza eskatzen didate, Ikeako altzariak montatzeko ez bada ere.

Horregatik abentura berri honetan ontziratu naiz, beno, horregatik eta DIY inguruko eta euskaraz idatzitako blogik ez dudalako oraindik aurkitu. Agian ez dut aski bilatu, baina eskulanen inguruan Googlei galdetu eta haurrentzako txokoak agertu zaizkit bakarrik.

Esan bezala, gauza asko egiten ditut eskuekin, eta are gehiago ditut buruan… baina ez dakit gai izango naizen guzti horiek blog honetan islatzen, horregatik, aldez aurretik barkamena eskatzen dizuet egingo ditudan akatsengatik edo zerbait egiteko ematen ditudan azalpenak ez badira ulergarriak suertatzen. Apurka apurka joango naiz/gara hobetzen, zuen laguntza eta iruzkinak ongietorriak izango direlako beti. Nik blogaren mundu berri hau maneiatzen ikasten dudan heinean, zuek hobekuntzak edo aldaketak ikusiko dituzue…

Eta zer aurkituko duzue txoko honetan? Ba gauza anitz egia esan, baina beti DIY delako munduarekin lotura duten gauzak; dekorazioa, eskulanetarako ideiak, joskintza, materialak erosteko denda aproposak, patroiak, material ezberdinak erabiltzeko moduak, beste blog interesgarri batzuetarako loturak… Eta noski, zuen galdera eta iradokizunak irakurri eta erantzutako prestutasun osoa.

Animatzen zarete? Ba hona hemen nire hurrengo sarreraren gaia; Nola zegoen nire etxea lehen aldiz bertara sartu nintzenean. Benetan, ez duzue sinistuko… hona hemen aurrerapen bat:

Sukaldea
Nire etxeko sukaldea, lehen aldiz sartu nintzen egunean!

Laster arte, lagunak!