Orokorrak

Abentura baten hasiera

Betidanik izan naiz ipurterrea. Nire ingurua behatu, aldatu eta edertzea maite dut; eskulanak, dekorazioa, antolaketa… lagun askok esaten dute horretarako balio dudala, eskuekin edozer gauza egin ahal dudala, eta maiz laguntza eskatzen didate, Ikeako altzariak montatzeko ez bada ere.

Horregatik abentura berri honetan ontziratu naiz, beno, horregatik eta DIY inguruko eta euskaraz idatzitako blogik ez dudalako oraindik aurkitu. Agian ez dut aski bilatu, baina eskulanen inguruan Googlei galdetu eta haurrentzako txokoak agertu zaizkit bakarrik.

Esan bezala, gauza asko egiten ditut eskuekin, eta are gehiago ditut buruan… baina ez dakit gai izango naizen guzti horiek blog honetan islatzen, horregatik, aldez aurretik barkamena eskatzen dizuet egingo ditudan akatsengatik edo zerbait egiteko ematen ditudan azalpenak ez badira ulergarriak suertatzen. Apurka apurka joango naiz/gara hobetzen, zuen laguntza eta iruzkinak ongietorriak izango direlako beti. Nik blogaren mundu berri hau maneiatzen ikasten dudan heinean, zuek hobekuntzak edo aldaketak ikusiko dituzue…

Eta zer aurkituko duzue txoko honetan? Ba gauza anitz egia esan, baina beti DIY delako munduarekin lotura duten gauzak; dekorazioa, eskulanetarako ideiak, joskintza, materialak erosteko denda aproposak, patroiak, material ezberdinak erabiltzeko moduak, beste blog interesgarri batzuetarako loturak… Eta noski, zuen galdera eta iradokizunak irakurri eta erantzutako prestutasun osoa.

Animatzen zarete? Ba hona hemen nire hurrengo sarreraren gaia; Nola zegoen nire etxea lehen aldiz bertara sartu nintzenean. Benetan, ez duzue sinistuko… hona hemen aurrerapen bat:

Sukaldea
Nire etxeko sukaldea, lehen aldiz sartu nintzen egunean!

Laster arte, lagunak!

Utzi iruzkina