DIY · Joskintza · Upcycle

Arropari bigarren bizitza

Berriz ere betikoa pasa zait, idatzi nahi bai baina beti zeozer “larriagoa” egin behar dut. Beti korrika, beti presaka, beti marabarismoen bolatxoak airean eta baten bat eroriko ote den beldurrez. Ez da eskulanak edo joskintza lanak ez ditudanik egiten -zorionez tarteka ateratzen dut denbora eta aritzen naiz- baizik eta ez ditudala honeraino ekartzeko betarik hartzen.

Tira, utz ditzagun kexak alde batera eta goazen mamira! Udaberri udara garaia etortzen denean, aurreko urteko arropa armairutik atera eta beti gauza bera gertatzen zait. Arropa berri askorik ez dut erosi nahi baina daukadana oso “ikusia” daukat, beraz itxuraldatzea da konponbiderik egokiena. Aurten pare bat gauza moldatu ditut eta erakutsi nahi dizkizuet, ea zuei ere arropa “berria” josteko ideiak ematen dizkizuedan.

1. MINIGONA + MINIGONA = GONA

Antzekoak diren bi minigona hauek nituen, urteak dira armairuan daudela eta gogoan dut iazko udaran ia ez nituela jantzi. Biek antzeko itxura dutela probestuz hauxe egin dut: bati gerria kendu, bigarrenari behekaldea ireki, eta lehena hortxe gehitu, gona luzeagoa egiteko. Erraza da argazkietan ikustea.

Hauek dira gona biak

Bigarrenari gerria kendu diot eta lehenari forroaren jostura ireki diot.

Azkenik, bigarrena lehenaren azpikaldean josi dut, eta bigarrenaren gerria ere itxi dut gerriko moduan erabiltzeko.

img_20190619_103023_hdr

2. SOINEKOA LUZATZEKO GERRIA GEHITU

Soineko hau geroz eta gutxiago jazten nuen, beraz aldatzea erabaki nuen. Kasu honetan ez nuen behekaldea luzatzeko aukerarik ikusten, eta luzaketa gerritik egin nuen. Hementxe trasformazioa.

Hau da soinekoa zegoen bezela. Gerria altuegia niretzat.

Lehendabizi jostura ireki dut eta goi eta behekaldea banatu.

Behekaldeari forma polita emateko aprobetxatu dut, nahiko arraroa baitzuen.

Hau da erdian sartu dudan oihal zatia, “kanale” izena du eta Donostiako Muchas Telas dendan erosi nuen. Hementxe uzten dizuet bere webgunearen linka, nahiko interesgarria da dendaz gain tutorialak eta trikimailuak ere badituztelako.

14 zentimetrotako tira moztu eta goiko eta beheko zatiei josi diet. Horretarako hoberena da oihal zatiaren erdia eta laurdenak orratzez markatzea, gero errazago kokatzeko. Orratz bakoitzak jostura batekin kointziditu behar du.

Horrela geratu zaizkit josturak; akabera polita lortu nahi baduzue, merezi du denbora pixka bat gehiago ematea  jostura txukunak lortzeko. 

 

Eta hauxe da azken emaitza, orain bai, soinekoa erabiltzen jarraituko dut!

 

 

1 thoughts on “Arropari bigarren bizitza

Utzi iruzkina