DIY · Eskulanak · Joskintza · Upcycle

Bakeroz egindako poltsa

Egun arropa gehiegi erabiltzen eta botatzen dugula pentsatzen duen horietakoa naiz. Gaur entzun dut urtero 12 kilo arropa botatzen dugula bakoitzak. Nik batazbesteko hori jeisten dudala ziur nago. Gorroto dut zakarrontzia betetzea, are gehiago birziklatu ezin diren gauzekin bada. Bai, saiatzen naiz ahalik eta gutxien botatzen eta arroparen kasuan gainera kontzientzia berezia dudala esango nuke.

Soilik zeharo izorratua dagoena botatzen dut, gainontzekoa eman, saldu, aldatu edo trukatzen dut. Horretarako hainbat bide ditut:

  1. Donostiako Emakumeen Etxean egiten den Truke Azokara joaten naiz (hileko bigarren astelehenean, arratsaldez) eta jantziko ez ditudan eta ondo dauden arropak eramaten ditut. Horiengatik taula baten araberako puntuak ematen dizkidate, eta puntu horiekin beste batzuk utzi duten arropa har dezaket. Beti topatzen dut gogoko zeozer!
  2. Donostiako Easo plazan burutzen den Donostitrukera joaten naiz (hileko 3. larunbatean, goizez) eta bertan bigarren eskuko arropa merke eta dotorea erosten dut.
  3. Josteko makinaren aurrean jarri eta arropa eraldatzen dut. Horren inguruan beste post bat idatzi nuen, bi gonekin bat egiteko ideiarekin.

Ba gaurkoan antzeko zerbait ekartzen dizuet. Banituen hainbat bakero zahar (bizpahiru galtza eta gona bat) eta aspaldian buruan nuen poltsa bat egitea bururatu zitzaidan, bakeroan oihal guztia erabiliz. Hona hemen pausoz pauso nola egin dudan.

A. Goraize onak hartu eta 10 x 10 cmko laukitxo mordoa moztu. Nik lan hori errezteko plastikozko plantilla bat erabili dut. Koaderno baten taparekin egin dut, eta gogorra denez, asko lagundu dit laukitxoak marrazteko. Nire kasuan 4 x 12 laukitxoko laukizuzen bat lortu nahi nuenez, 48 laukitxo moztu ditut.

B. Laukitxoak orratzekin lotu eta ondoren josi. Nik lehendabizi tira luzeetan josi ditut, eta ondoren tirak bata besteari. Ziurrenik, patch work egiten adituak direnak ez dute horrela egingo, baina niri modurik erosoena iruditu zait. Soilik orratzekin lotuz ez bazaizu aski iruditzen makinaz josteko, hilbanatu ditzazkezu, baina hori bai dela lana!

Tira bakoitza josi ondoren, plantxarekin jostura bakoitza ondo ondo zapaldu eta ireki dut, gero tira bat eta bestea elkarrekin josterakoan txukunagoa geratzeko. 

Josturak bata bestearen jarraiean geratzea da helburua…

(Azken momentuan erabaki dut dena ondo plantxatu eta gero jostura bakoitzaren alde bietan pespunteak egingo nizkiola, koloretako hariarekin, politagoa geratzeko. Baina hori nire proiektua da, bakoitzak nahi duen eran egin dezake, laukitxorik erabili gabe adibidez, dena pieza batean)

D. Lortu dugun laukizuzena era berezi batean tolestu. Nire laukizuzenak 40 x 120 cm neurtzen ditu (4 x 12 laukitxo), eta josten jarraitu baino lehenago lerroei jarraiki tolestu dut, ea ulertzen duzuen. Niri dexente kostatu zitzaidan, ez nuen lehenengo saiakeran lortu!

Lehendabizi bi izkinak hartu eta argazkian ikusten den bezela tolestu, bi hiruki lotzeko. Ondoren, argazkian ikusten den lerroa ardatz bezela hartu eta beste tolestura bat egin, horrela geratu behar zaizue: 

img_20191125_194223_hdr

Hori lortu eta gero, bi aldetatik josi egin behar da. Kontuz, laukitxoak ondo geratu behar dute, bata besteari jarraiki.

E. Goazen forroa prestatzera. Poltsaren neurri berdineko oihal zastia behar duzue, nire poltsarako 40 x 120 cmko laukizuzena (gehi josturak egiteko cm bat alde bakoitzeko, noski!). Ondo zabaldu, eta laukitxoen piezarekin egin dugun modu berdinean tolestu eta josi..img_20191208_220312_hdr

Ondoren, nik patrikak jarri dizkiot, praka zaharrei kendutakoak hain zuzen.

F. Forroa eta kanpoko aldea josi, eta ondoren inguru guztian errefortzu jostura egin diot.

img_20191212_194019_hdr

F. Itxiera eta heldulekua egin. Berez poltsa itxierarik gabe geratu daiteke, edo beste era batekoa egin dezakezue, hemen nik egin dudana azalduko dizuet. Moztuta nituen larru zatitxo bat eta metalezko botoia erabili ditut. Heldulekua ere hamaika modu ezberdinetan egin daiteke, nik beste larru zati bat jarri diot.

Heldulekua egiteko poltsaren goiko aldean geratzen ziren bi puntak pixka bat moztu ditut.

img_20191212_200142_hdr

G. Azkenean hondo pixka bat ematea erabaki dut: nire proiektu gehienak sobre la martxa aldatzen doaz, hau da, hasieran buruan dudana eta azkeneko produktua ezberdinak izaten dira. Kasu honetan poltsa amaitu eta gero hondoa egitea erabaki dut, eta horretarako beheko bi puntak barrutik eta argazkietan ikusten den eran josi eta moztu ditut.

Eta hona hemen azken emaitza!

 

DIY · Joskintza · Upcycle

Arropari bigarren bizitza

Berriz ere betikoa pasa zait, idatzi nahi bai baina beti zeozer “larriagoa” egin behar dut. Beti korrika, beti presaka, beti marabarismoen bolatxoak airean eta baten bat eroriko ote den beldurrez. Ez da eskulanak edo joskintza lanak ez ditudanik egiten -zorionez tarteka ateratzen dut denbora eta aritzen naiz- baizik eta ez ditudala honeraino ekartzeko betarik hartzen.

Tira, utz ditzagun kexak alde batera eta goazen mamira! Udaberri udara garaia etortzen denean, aurreko urteko arropa armairutik atera eta beti gauza bera gertatzen zait. Arropa berri askorik ez dut erosi nahi baina daukadana oso “ikusia” daukat, beraz itxuraldatzea da konponbiderik egokiena. Aurten pare bat gauza moldatu ditut eta erakutsi nahi dizkizuet, ea zuei ere arropa “berria” josteko ideiak ematen dizkizuedan.

1. MINIGONA + MINIGONA = GONA

Antzekoak diren bi minigona hauek nituen, urteak dira armairuan daudela eta gogoan dut iazko udaran ia ez nituela jantzi. Biek antzeko itxura dutela probestuz hauxe egin dut: bati gerria kendu, bigarrenari behekaldea ireki, eta lehena hortxe gehitu, gona luzeagoa egiteko. Erraza da argazkietan ikustea.

Hauek dira gona biak

Bigarrenari gerria kendu diot eta lehenari forroaren jostura ireki diot.

Azkenik, bigarrena lehenaren azpikaldean josi dut, eta bigarrenaren gerria ere itxi dut gerriko moduan erabiltzeko.

img_20190619_103023_hdr

2. SOINEKOA LUZATZEKO GERRIA GEHITU

Soineko hau geroz eta gutxiago jazten nuen, beraz aldatzea erabaki nuen. Kasu honetan ez nuen behekaldea luzatzeko aukerarik ikusten, eta luzaketa gerritik egin nuen. Hementxe trasformazioa.

Hau da soinekoa zegoen bezela. Gerria altuegia niretzat.

Lehendabizi jostura ireki dut eta goi eta behekaldea banatu.

Behekaldeari forma polita emateko aprobetxatu dut, nahiko arraroa baitzuen.

Hau da erdian sartu dudan oihal zatia, “kanale” izena du eta Donostiako Muchas Telas dendan erosi nuen. Hementxe uzten dizuet bere webgunearen linka, nahiko interesgarria da dendaz gain tutorialak eta trikimailuak ere badituztelako.

14 zentimetrotako tira moztu eta goiko eta beheko zatiei josi diet. Horretarako hoberena da oihal zatiaren erdia eta laurdenak orratzez markatzea, gero errazago kokatzeko. Orratz bakoitzak jostura batekin kointziditu behar du.

Horrela geratu zaizkit josturak; akabera polita lortu nahi baduzue, merezi du denbora pixka bat gehiago ematea  jostura txukunak lortzeko. 

 

Eta hauxe da azken emaitza, orain bai, soinekoa erabiltzen jarraituko dut!