DIY · Joskintza · Upcycle

Arropari bigarren bizitza

Berriz ere betikoa pasa zait, idatzi nahi bai baina beti zeozer “larriagoa” egin behar dut. Beti korrika, beti presaka, beti marabarismoen bolatxoak airean eta baten bat eroriko ote den beldurrez. Ez da eskulanak edo joskintza lanak ez ditudanik egiten -zorionez tarteka ateratzen dut denbora eta aritzen naiz- baizik eta ez ditudala honeraino ekartzeko betarik hartzen.

Tira, utz ditzagun kexak alde batera eta goazen mamira! Udaberri udara garaia etortzen denean, aurreko urteko arropa armairutik atera eta beti gauza bera gertatzen zait. Arropa berri askorik ez dut erosi nahi baina daukadana oso “ikusia” daukat, beraz itxuraldatzea da konponbiderik egokiena. Aurten pare bat gauza moldatu ditut eta erakutsi nahi dizkizuet, ea zuei ere arropa “berria” josteko ideiak ematen dizkizuedan.

1. MINIGONA + MINIGONA = GONA

Antzekoak diren bi minigona hauek nituen, urteak dira armairuan daudela eta gogoan dut iazko udaran ia ez nituela jantzi. Biek antzeko itxura dutela probestuz hauxe egin dut: bati gerria kendu, bigarrenari behekaldea ireki, eta lehena hortxe gehitu, gona luzeagoa egiteko. Erraza da argazkietan ikustea.

Hauek dira gona biak

Bigarrenari gerria kendu diot eta lehenari forroaren jostura ireki diot.

Azkenik, bigarrena lehenaren azpikaldean josi dut, eta bigarrenaren gerria ere itxi dut gerriko moduan erabiltzeko.

img_20190619_103023_hdr

2. SOINEKOA LUZATZEKO GERRIA GEHITU

Soineko hau geroz eta gutxiago jazten nuen, beraz aldatzea erabaki nuen. Kasu honetan ez nuen behekaldea luzatzeko aukerarik ikusten, eta luzaketa gerritik egin nuen. Hementxe trasformazioa.

Hau da soinekoa zegoen bezela. Gerria altuegia niretzat.

Lehendabizi jostura ireki dut eta goi eta behekaldea banatu.

Behekaldeari forma polita emateko aprobetxatu dut, nahiko arraroa baitzuen.

Hau da erdian sartu dudan oihal zatia, “kanale” izena du eta Donostiako Muchas Telas dendan erosi nuen. Hementxe uzten dizuet bere webgunearen linka, nahiko interesgarria da dendaz gain tutorialak eta trikimailuak ere badituztelako.

14 zentimetrotako tira moztu eta goiko eta beheko zatiei josi diet. Horretarako hoberena da oihal zatiaren erdia eta laurdenak orratzez markatzea, gero errazago kokatzeko. Orratz bakoitzak jostura batekin kointziditu behar du.

Horrela geratu zaizkit josturak; akabera polita lortu nahi baduzue, merezi du denbora pixka bat gehiago ematea  jostura txukunak lortzeko. 

 

Eta hauxe da azken emaitza, orain bai, soinekoa erabiltzen jarraituko dut!

 

 

DIY · Joskintza · Minipostak · Trikimailuak

Miniposta: galtza bakeroak moldatu

Pare bat joskintza eskulan ditut esku artean, eta biak hona ekartzeko asmoa daukat baina atzeratzen ari naiz eta ez dut nahi blogera ezer ekarri gabe denbora gehiago pasa, beraz oraingoan post txikitxo bat idatziko dut, eta ea laster bi gauzatxo horiek bukatu eta zuek ikusteko hemen azaltzen ditudan. Nik uste dudan bezala geratzen badira oso pozik geldituko naiz emaitzarekin!

Beno ba, miniposta honetan praka bakero handi batzuk gehiegi josi gabe nola moldatu ditudan azalduko dizuet. Egia esan, nire bikotekidearen prakak dira, berak ez zituela gehiago jantziko esan zidan eta neu frogatu nituen. “Boyfriend” deitzen duten itxurarekin ez zaizkit gaizki geratzen,  baina gerria zabalegia da eta atzetik nola geratzen zitzaizkidan ez zitzaidan gustatzen.

img_20180924_130218.jpg

Gerria estutzeko pieza guztia desmontatu, ipurdi aldeko jostura desegin eta berriz josi, eta azkenik gerria berriz ere ipini dezakegu, baina sekulako lana da eta gainera bakeroa jostea ez da lan samurra, beraz trikimailu txiki bat erabiltzea erabaki dut. Lanaren erdia da, eta emaitza  berriz txukuna.

img_20180924_131412Hau da beharko duguna: markatzeko igeltsoa, goraizeak, botoi zuloak irekitzeko tresnatxoa (deskosedor delakoa), goma zabal zati bat, haria eta orratza. Hasteko gerriaren atzeko eta barruko aldean igeltsoarekin bi zulo markatu eta irekiko ditugu, piezaren behekaldetik gora eta bi aldetan. Bakeroaren etiketatik 8-10 zentimetrora egin ditut nik.

 

img_20180924_131553.jpg

Gero goma zatia jatekorratz baten laguntzaz egindako zuloan sartu eta beste aldeko zulotik atera dut, gerriaren atzeko zatia zeharkatuz. Kontuz ibili goma kiribildu ez dadin, bestela gero gaizki geratuko da. Goma zuzen geratzen bada berriz, gerrian ez da ezer nabarituko. 

 

 

img_20180924_131735-e1541642537396.jpg

Katekorratzari tira eginez goma beste aldetik atera eta puntada txiki batzuekin  josi, goma mugitu ez dadin. Goma tenkatzeko beste aldetik tiratu, josi eta sobratzen dena moztu. Horrela gerriaren atzeko aldea izurtuta geratuko da.

 

img_20180924_132350.jpg

 

Azkenik, egindako bi zulotxoak itxi, eskuz josiz. Argazki honetan ikus dezakezue gomari eusteko egindako jostura (bakeroentzako hari horiarekin) eta ondoan zuloa ixteko egindakoa. Goma ondo tenkatu behar da eta ondoren zuloa itxi, tentsio horrek kenduko bait digu gehiegizko zabalera.

 

 

Eta hauxe da emaitza, ikusten duzuenez gerria izurtuta dagoenez hobeto pegatzen da gerrira nahiz zabalegia izan. Gainetik gerrikoa jantzi dezakezue edo ez, baina galtza ez zaizue gerritik behera jeitsiko.

Ikus lehena eta oraina!

 

Beno, espero dut trikimailu hau erabilgarria izatea. Ni banoa, ea esku artean ditudanak amaitzen ditudan, azken boladan gustora nabil josten eta laster ideia berriak eta errazak ekarriko dizkizuet!